Asteburu honetako jardunaldia. Otsailak 11-12

Asteburu honetan azpimarragarri diren bi gertakizun izango ditugu Hernani Kirol Elkarteko saskibaloiko sailan.

Batetik, 2. urteko kadete taldea den Hernani KE Sansonarri taldeak Euskadiko Txapelketan parte hartuko du aurreneko aldiz. Gure klub apalarentzat benetan egun istorikoa. Bizkaian jokatuko dute larunbatean 12:30tan. Aurrean ez da edozein talderik egongo.  Bizkaiko saskibaloian makina urtetan punta-puntan ibilitako Loiola Indautxu klub haundiko kadeteen aurka arituko dira gureak. Zer nolako taldea den jakin ezazuen hemen dauzkazue zenbait bitxikeri; talde honetan besteak beste, Juanma Lopez Iturriagak, J.J. Davalillok eta Kike Hermosillak jokatu zuten garai ezberdinetan.
Gure taldeak 10 partida gogor izango ditu, baina horrek ez ditu jokalariak kikildu behar. Ibon Ocañak eta Aitor Urretabizkaiak gidatutakoek orain arte benetan ondo burututako lanaren saria dela pentsatu behar dute, eta esperientzia honetaz gozatu eta ikasi egin behar dutela ez zaie ahaztu behar. Guk hemendik, datozen erronka zailak gainditzen ahalegintzen animatuko ditugu. Eutsi horri.

Bestetik, lehenengo aldiz gure klubeko bi ordezkarik txapelketa ofizialean jokatuko dute aurrez aurre. Hau gure klubaren osasun onaren eta herriko eta inguruko zaletasunaren adierazgarri ezin hobea da, inoiz ez bait ditugu hain beste talderik izan. Junior mailan izango da, 2. urteko den Hernani KE Azeriak taldeak eta 1.go urteko den Hernani KE Buruntza taldeak beraien indarrak neurtuko dituzte larunbatean Hernaniko kiroldegian 18:30tan. Nahiz eta Jon Esnaolak gidatutakoen helburua aurreneko bin artean egotea den eta Rogek gidatutakoen helburua azkeneko bin artean ez geratzea den, egun sailkapenean gazteenak aurretik daude. Jakina, nagusitasuna pistan erakutsi behar da, ez berriketan. Ziur gaude norgehiagoka primerakoa, estua, lehiatua izango dela, benetako DERBIA izango dela. Hori bai, gure taldeetan ohi denez, kiroltasunik inolaz ere galdu gabe. Zorte on biei, eta galtzen duenak kontutan eduki dezala hemendik gutxira errebantxa izango duela.

Hauen aurretik larunbatean eta Hernaniko kiroldegian ere, 1.go urteko kadeteak “telonero” gisa arituko dira. 16:45tan hasiko da norgehiagoka eta aurkaria Soraluze Bergara KE “B” taldea izango da. Joan den astean markagailu estuaz galdu ondoren, gureak oraingo honetan lehenengo garaipena lortuko dutela erabat sinistuta daude. Eutsi horri.

Eta azkeneko zer esan Hernani KE Teklan Laser gure senior taldeari buruz. Denboraldiko helburu nagusiena mailari eustea zen, eta jadanik sailkapenean 5. daude 4.gandik garaipen batera. Final Four bertan daukazue, SEGI HORRELA. Hori bai, horretarako ostiral honetan Arrasateko Musakola kiroldegian 20:00tan Mondragon Unibertsitatea taldea gaindituko beharko dute. Nahiz eta sailkapenean atzean egon ez da lan samurra izango. Haien pistan jokatzen dute, seguraski giroa izoztuta egongo da, eta hori gutxi balitz, Ricardo Garre entrenatzailea ez da egongo, ebakuntza jasan ondoren oraindik ospitalean egon behar duelako. Hemendik besarkada haundia bidali nahi diogu kluba osatzen dugun guztion partetik. Ea gureak garaipena eskaini ahal dioten. Hala balitz baietz azkarrago osatu gure Ricardo. EMAN EGURRA.

JON ESNAOLA