2.urteko kadeteak ongi sufritutako garaipena

Urretxu aldera joan ginen larunbata arratsaldean. Han, arerio gogorra aurkituko genuela bagenekien. Urretxukoek azken bi jardunaldietan lortutako emaitzek (puntu batetik galdu izan zuten Easo Haitzaren kontra eta 50 puntutako jipoia eman zieten Arrasatekoei), argi utzi zuten larunbateko partidua oso zaila izan behar zuela. Lehenengo itzulian Hernanin gertatutakoa (35 puntutik irabazi genien) ahaztu behar genuen eta hori hasieratik ikusi zen Aldirin.

Gureak urduri xamar atera ziren kantxara. Gure tokia aurkitu gabe defentsan eta erasoan, saskiratze erraz ugari oparituz, baloi asko galduz, lehengo eta bigarren laurdenetan gertatutakoa ez zen normala. Urretxukoak Hernaniarrak baino askoz gehiago ziren kantxan eta gureak ez zeuden batere eroso egiten ari zirenarekin. Gauzak horrela, atsedenaldira 15 puntu behera irisi ginen (50-35).

Bigarren zatian kantxan ikusi zena guztiz desberdina izan zen. Hernaniko mutilak defentsan askoz hobeto kokaturik zeuden eta erasoan, nahiz eta ohiko bizitasunik gabe jokatu arren, zuloak aurkitzen zituzten saskiratzeko. Pixkanaka pixkanaka, aldea markagailuan murriztu zen eta azken laurdenean 4 puntu behera sartu ginen. Azkeneko 10 minutuetan partidua bide beretik joan zen eta edonork irabazi ahal izan zuen. Gureek hobeto erabaki zuten azken erasoetan eta horregatik garaipena etxera ekarri ziguten (68-71). Zorionak eta eutsi lanari!

Hona jarraian partiduko irudi polit batzuk: